XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OSTEGUNA

Uda errepikakorrak

Ziklokotasunarena egia baldin bada, askoz ere nabarmenagoa da uda partean neguan baino.

Eguraldi onarekin batera, badakigu hiria betiko erritualetan murgilduko dela.

Ekainean jartzen dituzte Iruñean entzierrorako oholak eta festa kutsua leku guztietara hedatzen da, baina bada beste alde batetik nolabaiteko presa ikasturte oso bateko lanak eta eginbeharrak bukatzeko.

Sanferminak iritsi aurretik mundua bukatzera doala dirudi, bulegoetan, Administrazioan, lantegietan eta urte osoan obratan egon diren kaleetan askoz ere azkarrago lan egiten da, erlojuaren kontra txupinazoak markatuko duen dimentsio berrian modu txukunean sartzeko.

Urtero gauza bera, ez da ustekaberik izaten, eta herritarrak badaki egunez egun zer gertatuko den, noiz diren ez dakit zein herritako festak eta erromeriak, nola ibili beharko duen errepideetan hondartzara hurbildu nahi baldin badu eta zer merendatuko duen zezenplazan.

Batzuek esanen dute gauza bera gertatzen dela beste urtaroetan, faroletatik zintzilikatutako argiek eguberria aldez aurretik iragartzen dutela, dendetan urtero jendetza berbera ibiltzen dela opariak erosteko, eta agian arrazoia dute, baina hotzak eta eguraldi txarrak tarte handiagoa uzten diote sorpresari, inprobisazioari eta irudimenari.

Uda iristen denean badakit urte betez ikusi ez ditudan aurpegiak ikusiko ditudala, nola aldatu haizen, zaharrago hago, motel; hi, berriz, beti bezain gaztea, alua...

Askotan pentsatu dut Sanferminero Australia eta Zeelanda Berriko tipo berberak igotzen direla Nabarreriako iturria, betiko R-5 frantsesa aparkatzen dutela etxe parean eta saltzaile beltz berberari erosten dizkiodala plastikozko lepokoak.

Behin baino gehiagotan Hemingway ikusi dudala ere iruditu zait, baina edandako alkohola kontutan hartuz, gero gauza horiek ezin dira ziurtatu.

Zenbat aldiz entzun dugun Iruñeko festetan edozein gauza gerta daitekeela, uztailaren 6tik 14ra abentura edozein kale bazterretan dagoela eta urte guztian espero izan dena justu egun horietan iritsiko dela.

Hala uste nuen nik ere, baina azken aldi honetan Sanferminak eta orokorrean uda behin eta berriro errepikatzen den antzezlan bat dela bururatu zait, taulen gainean urte asko daramatzan obra bat, eta beti aktore eta pertsonaia berberak aurkezten dituena.

Gu extra batzuk besterik ez gara, eta batzuetan ordaintzen diguten soldata eskasa dela-eta keju azaltzen bagara ere, pozik gaude emanaldietan parte hartzeagatik

Profesional on batek badaki errepikapenari xarma aurkitzen, eta gainera Iruñea bezalako hiri probintziano batek ez du aukera gehiegi eskaintzen udan.